XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Larraitzek izan ote zuen aurretik beste zitarik?

Ez dut uste.

Eta hala ere, zelako erraztasunarekin esan zuen!

Ordua eta lekua ere berak jarri zituen: zentro aldeko kafetegi batean, arratsaldeko zortzietan, pianoko klasetik ordu horretan ateratzen baitzen.

Arratsalde osoa Larraitz burutik kendu ezinik pasa nuen, hartaz pentsatzen eta pentsatzen.

Ez zen batere itusia, hori ez; aukeran formalegia, gauza guztietan horren txintxo eta esanekoa.

Jazkeran ere serio samarra, baina tira, horrek ez zuen batere garrantzirik.

Nahiko jatorra zen gainera, eta nortasun handikoa, Txintxetarekiko arazoan erakutsi zuenez; izan ere, erraza da azterketen aurrean greba egitea gainditzeko aukera gutxi duzunean, baina beti 9-10 ateratzen ohituta bazaude...

Hori ere arazoa izan zitekeen gu biok elkartzekotan, baldin eta horretarako batere aukerarik bazegoen; nola ibiliko zen ba nirekin, eskolan beti erdipurdi ibili eta alproja-fama duen mutilarekin, zein eta bera, perfekzio guztien adibide bizia?

Dena dela, ikusteko zegoen gu bion artean beste zerbait egon zitekeen.

Oraingoz, kafetegian elkartzekotan geratu ginen Patxi Zuriren mehatxuez hitz egiteko.

Eta bizkor joan behar gainera, horrenbeste pentsaketarekin berandu egin zitzaidan eta.